2014(e)ko azaroa 13, osteguna

Ikasketa gurpilak: talde lana

Klase magistralean "Aprendizaje estratégico y tecnologías de la información y la comunicación: una revisión crítica" testua azaldu beharko dugu taldean. Horretarako, lehenengo bakoitzak oharrak idatzi ditu testua irakurri duen heinean. Gero, denon artean hitz gakoak atera ditugu eta laburpena egin dugu. Azkenik, "powtoon" baliabide teknologikoa erabili dugu aurkezpena egiteko.

Aprendizaje estratégico y teconologías de la información y la comunicación: una revisión crítica

Universidad de Salamanca


Hitz gakoak: 
Ikaskuntza-estrategiak, hezkuntza, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak), teknologien erabilera hezigarriak, informazio-gaitasuna, ikerketak, aldaketak, eraginak

Laburpena:
Artikulu honetan ikaskuntza-estrategien definizioaren eskema bat aurkezten da, ikaskuntzaren teknologien kontribuzio berrietan oinarrituta. Definizio berri honek dioenez, posibilitate teknologikoak posible egin dezake ikasle batek edo ikasle talde batek ikaskuntza estrategikoak garatzeko modu berriak erabiltzea. Hau programa informatikoen, erreminta teknologikoen edota ingurune hezigarrien bidez lortu daiteke. Testu honetan berrikusten da nola aldatzen diren ikaskuntza-estrategien ezaugarri desberdinak IKTak hezkuntzan sartzearen ondorioz. Azkenik, artikuluak erronka kontzeptual berriak eta ikerketaren etorkizuneko garapenak azpimarratzen ditu.


Horiek horrela, atal honen helburu nagusia ikaskuntza-estrategien definizio kontzeptual berria proposatzea dela esan dezakegu, IKTek hezkuntza arloan izan duten inpaktua kontuan hartuta.

IKT” eta “hezkuntza estrategia” hitzen esanahia urteetan zehar aldatu da. IKTak klasean txertatu zirenetik, lotura handia duten bi kontzeptu dira. Izan ere, IKTen erabilera egokiak ikaskuntza prozesu eraginkorra lortzea ahalbidetu dezake. Horretarako, ezinbestekoa da IKT-ak kritikotasunez erabiltzea. Hau da, hezkuntza egoera ezberdinetan ondo erabiltzen jakitea.

Testuinguru honetan, IKTen erabilera hezigarrien eta ikaskuntza-estrategien sorkuntzen arteko erlazioak aztertzen dira. Horretarako, estrategia horien aspektu batzuk nabarmentzen dira, hala nola, hezkuntza-egoera berriak, konpetentzien curriculuma, ikaskuntza kolaboratzailea eta ikaskuntzaren autoerregulazio eta koerregulazioa, betiere argibide gogoetatsuak, feedbackak edota metatutor batekin egindako interakzioak erabiliz.

Gaur egun, teknologia hauek abantaila asko dituzte, kasurako, tradiziozko ariketak beste era batean egiteko aukera ematen dute, problema errealak burutzea ahalbidetzen dute, ikasleen ikasketen autoerregulazio eta koerregulazio prozesuak eraldatzen dituzte, taldekideen arteko hezkuntza-harreman prozesuari buruzko informazio guztia eskuragarri jartzen dute, ikasleek informazioa bilatzeko baliabide eta modu eraginkorrak eskaintzen ditu, gizakion funtzionamendu mentalarengan eta norberaren ikasketa-prozesu kognitiboan laguntzen dute eta ikasleen ikasketa-prozesuak ebaluatzeko sistemak aldatzen dituzte. Azkenean, irakasleriak ikasleriaren aurrerapenei eta beharrezinei buruzko informazioa jaso dezakete eta, era berean, euren esku-hartzea ikasle bakoitzaren egoerara egokitu.

IKT-ak behin eta berriz aldatzen direla aintzat hartuz, etorkizunean nola bideratuko diren jakitea oso zaila dela esan genezake. Hala ere, ikaskuntza-estrategiei zein IKT-ei buruzko ikerketa ugari daude, zeintzuk bost taldetan bereizten diren. Esan beharra dago ikerketekin loturiko erronka berriak agertzen direla, hurrengo ardatz nagusien inguruan oinarritzen direnak: edukien pertsonalizazioa, ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuan simulazio eta jokoak eta IKTak eta instrukzio-prozesuen erregulazioa.

Aipatutako ikerketa-lerroak haien artean gurutzatzen eta eragiten dira etengabe. Komunean duten ezaugarria da irakaskuntza eta ikaskuntza “ekologiko” baten alde egiten dutela.


Oharrak:



2014(e)ko azaroa 11, asteartea

IKTak, hezkuntza aireberritzeko aitzakia

Hemen uzten dizuet "IKTak, hezkuntza aireberritzeko aitzakia" artikulua irakurri ondoren egindako jarduera: irakurketari buruzko bi galdera planteatu, bost hitz gako aukeratu, testuaren sintesia idatzi eta irakurritakoaren inguruan hausnartu.

IKTak, hezkuntza aireberritzeko aitzakia

Iñaki Larrea eta Jose Ramon Vitoria
(Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakasleak)


Galderak:
  • Zergatik da garrantzitsua IKTak klasean txertatzea?
  • Nola erabiltzen dira IKTak hezkuntzan gaur egun? Nola izan beharko litzateke?

5 hitz gako:
  • Teknologia
  • Hezkuntza
  • Berritu
  • Gizartea
  • Egokitu

Sintesia:
Gaur egungo gizartea definitzea zaila den arren, hainbat ezaugarri atxiki ahal dizkiogu: globalizatua, materialista, digitala… Eskola umeak gizarteratzeko tresna denez, ezaugarri guzti hauek kontuan izan behar ditu eta horietara egokitu behar da. Hau da, eskola gizartearen barruan dagoenez, horren errealitatea islatu behar du. Baina azken urteetan eskola ez da gizartearekin batera garatu. Izan ere, indarrean dagoen hezkuntza eredua gizarte industrializatuarena da. Hortaz, buelta bat eman behar diogu hezkuntza sistemari eta IKTek prozesu hori erraztu dezakete.

Hasteko, IKTek klasean txertatzearen garrantzia ulertu behar dugu. Hainbat funtzio desberdin bete ditzakete hezkuntzan: gizartearen ezaugarriei hobeto egokitzea, hezkuntza eredua berriztatzea, alfabetatze digitala, eten digitala saihestea eta inklusio digitala bultzatzea. Eginkizun guzti hauek berebiziko garrantzia dute gaur egun, eta ezin ditugu alde batera utzi.

Egia da IKTak erabiltzen hasi direla eskoletan, baina gehienetan modu desegokian egiten da. Izan ere, teknologiak berez ez du balio erantsirik. Beraz, irakasleok ikaste esanguratsua lortzeko lagungarriak izango zaizkigun baliabide digital eta teknologikoak aztertu, aukeratu eta modu egokian erabili behar ditugu, bakarrik horrela hautsiko baititugu hezkuntza eredu tradizionalaren mugak.

Hausnarketa:
Testu hau irakurri ondoren, nire IKTei buruzko iritzia aldatu da.

Lehen pentsatzen nuen ez zegoela IKTak klasean txertatzeko beharrik. Are gehiago, uste nuen ikasleek nahiko (edo, hobeto esanda, gehiegi) erabiltzen zituztela eskolatik kanpo eta, gainera, askotan ikaskuntza oztopatzen zutela.

Orain, aldiz, beste ikuspegi bat daukat. Eskolaren helburu nagusia ikasleak helduen bizitzarako prestatzea eta gizarteratzea delarik, ezinbestekoa du gizartearen errealitatea isladatzea. Ukaezina da gaur egun IKTek gure gizartean duten pisua; beraz, eskolaren parte ere izan behar dira. Gainera, ezin dugu suposatutzat eman ikasle guztiek dutela sarbidea IKTetara, egoera ekonomikoa, soziala, kulturala eta abar oso desberdinetan bizi baitira. Hortaz, IKTak ikasgelan presente egon behar dira. Dena den, gure helburua ikasleek ikasuntza esanguratsua lortzea baldin bada (eta hori izan beharko litzateke gure xede nagusietako bat) ezin ditugu IKTak edozein modutan erabili. Egoera bakoitzerako baliabide digital, momentu eta modu egokiena aukeratu behar ditugu. Horretarako, irakasleok ahalegin bat egin beharko dugu, teknologia berrien inguruan ikertuz eta etengabeko formakuntza jasoz.

2014(e)ko urria 24, ostirala

ONGI ETORRI!

ONGI ETORRI NIRE BLOG BERRIRA!

Ni Haizea naiz, Lehen Hezkuntzako Graduko ikaslea EHUn. Blog hau "Informazio eta Komunikazio Teknologiak Lehen Hezkuntzan" ikasgaiaren parte izango da eta hemen eskegiko ditut hainbat lan.

Blog bat kudeatzen dudan lehen aldia izan arren, espero dut eskura jartzen dizuedan materiala erabilgarria (edo, gutxienez, interesgarria) suertatzea. Bide batez, iruzkinak uztera animatzen zaituztet.